Txikipedia:Bigarren Industria Iraultza
From Wikipedia, the free encyclopedia
Bigarren Industria-Iraultza XIX. mende bukaeratik XX. mende hasiera arte egon zen industralizazioaren fase azkarra izan zen. Historialari batzuen arabera, 1870-1914 bitarteko epean gertatu zen, hain zuzen ere; beste aditu batzuek, ordea, hasiera 1850ean izan zuela diote.
Bigarren Industria-Iraultzan aurrerapen teknologiko garrantzitsuak lortu ziren, mundu mailan egondako aldaketa sozial handien ondorioz. Aurrerapen teknologiko horien artean, altzairugintza eta aluminioaren ekoizpena eta elektrizitatearen, gasaren zein petrolioaren erabilera aipa ditzakegu. Era berean, esanguratsuak izan ziren, batetik, burdinbideak zabaltzeari esker komunikazioek izan zuten hobekuntza, eta bestetik, makinak industrian gero eta maizago erabiltzen zirela. Herrialde batzuetan, industrian lan egiten hasi ziren emakumeak, idazkari eta bulegari gisa. Industria-prozesuen automatizazioak gora egin ahala, behera egin zuen espezializatu gabeko langileen beharrak, eta horrela, langabeziak gora egin zuen.
Industria-Iraultzaren bigarren etapa hau herrialde ugaritara zabaldu zen, eta potentzia industrial eta ekonomiko handien agerpenari bide eman zion horrek; horien artean, Alemania, Frantzia, Estatu Batuak edota Japonia zeuden, esaterako. Potentzia handiak egoteak herrialdeen arteko lehia industrialak eragin zituen, eta gero eta globalizazio handiagoa eragingo zuten modelo ekonomiko berriak sortzea ere bai.
Garai honetan sortu ziren industria siderurgikoak, oraindik gehiago garatu zen autoen eta garraioen industria, eta petrolioaren, kimikaren eta energia elektrikoaren industria berriak sortu ziren.