Txikipedia:Arroka sedimentario
From Wikipedia, the free encyclopedia
Arroka sedimentarioa Lurrean aurkitzen diren hiru arroka motetako bat da; beste biak arroka igneoak eta arroka metamorfikoak dira. Arroka igneoak eta metamorfikoak dira, hain zuzen ere, lurrazalean dauden arroka mota ohikoenak; arroka edo harri sedimentarioak, berriz, gainazalean dauden arroka motarik ohikoenak dira.
Arroka sedimentarioa sedimentuak metatzearen ondorioz sortutako arroka da. Bi ezaugarri bereizgarri dituzte eta, horri esker, errazagoa da non eratuak diren jakitea:
- Geruzatan banatuta egon ohi dira: sedimentuak elkarren gainean metatzen dira, geruza horizontalak eratuz eta, diagenesiaren ondorioz, sedimentuok arroka bihurtzen dira. Geruza bakoitza estratu bat da.
- Fosilak izan ditzakete barnean: izaki bizidunak hiltzen direnean, askotan gertatzen da organismoak sedimentuen artera erortzen direla, eta sedimentuek organismook inguratu eta kontserbatzen dituzte. Fosilak organismoen edo haien jardunaren hondarrak dira, mineralizatuak (harri bihurtuak).