Txikipedia:Argi
From Wikipedia, the free encyclopedia
Argia energia mota bat da, objektuak begiarentzat ikusgarri bihurtzen dituena. Hau da, argirik gabe ezin da ikusi. Modu zientifikoagoan esanda, begiak antzeman dezakeen erradiazio elektromagnetikoaren zatia da. Argiaren ezaugarriak, jokamoldea eta propietateak aztertzen dituen zientzia optika da.
Soinua bezala, argia uhin bat da; baina, soinua ez bezala, argia hutsunean heda daiteke; izugarrizko abiaduran, gainera: segundo bakar batean, 300.000 kilometro inguru egin ditzake. Horregatik, berau neurtzeko lehenengo saiakuntzek porrot egin zuten. Hala, XVII. mendera arte, bat-batean hedatzen zela uste zuten; mugagabeko abiadura zuela. Galileo izan zen argiaren abiadura neurtzen saiatu zen lehena, baina atera zuen ondorio bakarra izan zen argiaren abiadura handiegia zela neurtu ahal izateko. Argia lerro zuzenean hedatzen da, norabide guztietan.