Tifus
From Wikipedia, the free encyclopedia
Tifusa gaitz multzoa da, Rickettsia generoko bakterioek eragindakoa. Tifus mota batzuk daude, antzeko ezaugarriak eta sintomak dituztenak, bakoitza Rickettsia espezie batek sortua.
- Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Tifus | |
---|---|
Deskribapena | |
Mota | infekzio bakteriano primarioa eritasuna |
Espezialitatea | infektologia |
Arrazoia(k) | Rickettsiaceae |
Identifikatzaileak | |
GNS-10-MK | A75, A75.9, A75.0, A75.2, A75.1 eta A75.3 |
GNS-9-MK | 081.0, 081.9 eta 080 |
DiseasesDB | 29240 |
MedlinePlus | 001363 |
eMedicine | 001363 |
Disease Ontology ID | DOID:11256 |
Tifusaren transmisioan zeregin garrantzitsua dute arkakusoek, zorriek, kaparrek eta akaro bezalako artropodoek. Artropodo horiek bakterio patogenoen eramaileak dira, eta gizakiari ziztada egiterakoan odolean inokulatzen dituzte Rickettsia patogenoak. Bestalde, arratoiak ere gaitzaren atzean daude sarritan, artropodo bektoreen garraiatzaileak direlako.
Tifus guztiek antzeko sintomak dituzte: sukar handia, buruko mina, hotzikarak, egundoko nekea eta larruazaleko orbanak (exantema). Zenbait kasutan konplikazio larriak gerta daitezke -bihotzean, biriketan eta giltzurrunetan-, heriotza eragin dezaketenak.
Ez dira nahastu behar tifusa eta sukar tifoidea. Antzekotasun semantikoa badute ere, bi gaitz guztiz desberdinak dira. Sukar tifoidea hesteetako infekzioa da, beherakoak eragiten dituena, eta gorozki-aho bidetik harrapatzen dena (ur edo janari kutsatuak hartzerakoan). Salmonellak sortutako gaitza da, Rickettsiarekin zer ikusirik ez duena.