Telentzefaloaren oinaldeko nukleoak
From Wikipedia, the free encyclopedia
Telentzefaloaren egitura orokorra gai zuri eta gai grisean antolatzen da. Gainazal edo kortexean geruzatan antolatutako gai grisa egongo da, sakonaldean, berriz, gai zuria. Hala ere, gai zuri horretan tartekatuta gai grisezko eremu batzuk topatuko ditugu, baina hauek geruzatan antolatu beharrean nukleotan antolatuta egongo dira. Horiek izango dira telentzefaloaren oinaldeko nukleoak.
Oinaldeko nukleoen funtziorik garrantzitsuena mugimenduen doikuntza izango da, zehazki borondatezko mugimenduei hasiera ematea eta gorputz-jarreraren doikuntzaz arduratzea. Beraien lesioek ez dute paralisirik eragiten, nahigabeko mugimenduen agerpena baizik. Lesionatzen den egituraren arabera, nahigabeko mugimendu hauek desberdinak izango dira.
Telentzefaloan 6 oinaldeko nukleo aurkitzen dira, eta bi multzotan sailkatzen dira, kokapenaren arabera: bizkarraldeko oinaldeko nukleoak eta sabelaldeko oinaldeko nukleoak.
- Bizkarraldeko oinaldeko nukleoak: nukleo buztanduna, putamena eta zurbila dira, baina hauek konbinatuz hiru nukleo izendatu ditzakegu:
- Nukleo ildaskatua: buztanduna + putamena (funtzionalki oso erlazionatuta daude)
- Lentiforme nukleoa (dilista itxurako nukleoa): zurbila + putamena (anatomikoki erlazionatuta daude)
- Gorputz ildaskatua: buztanduna + putamena + zurbila
Era berean gorputz ildaskatua filogenetikoki sailka daiteke:
- Paleoildaskatua: nukleo zurbilak osatzen du, hau zaharrena izango da.
- Neoildaskatua: nukleo buztanduna + putamena, hauek nukleo berriagoak dira.
- Sabelaldeko oinaldeko nukleoak: accumbens nukleoa, usaimen tuberkuluaren zatiak eta izengabeko gaia dira. Hauetatik bi nukleo izendatu daitezke:
- Sabelaldeko ildaskatua: nukleo accumbens + usaimen tuberkuluaren zati batek osatuko dute.
- Sabelaldeko zurbila: gai izengabeak eratzen du.
*Bizkarralde eta sabelalde oinaldeko nukleo hauetaz gain, beste nukleo azpitalamiko batzuk izango ditugu. Berez ez dira oinaldeko nukleoak baina beraien zirkuitoan aurkitzen direnez, honen parte kontsideratzen dira askotan. Nukleo hauek zona inzerta, nukleo azpitalamikoa edo Luysen nukleoa eta gai beltza dira.