Lankide:Ksarasola/Proba orria/Euskarazko hiztegiak
From Wikipedia, the free encyclopedia
Euskarazko hiztegigintza euskaraz egindako hiztegiak (elebakarrak eta elebidunak) eta horiek sortzeko metodologia eta tresnak aztertzen dituen arloa da.
Asko izan dira historian zehar euskararen hitzak identifikatzeko eta deskribatzeko plazaratu diren hiztegiak. Bide horretan euskara batuaren agerpena mugarria izan zen 1968an. Horrela, artikulu honen lehen atalean euskara batuaren aurreko hiztegiak aipatuko dira, eta bigarren atalean 1977tik aurrera euskara batuaren aroan argitaratutako hiztegi andana. Zerrenda ez dago guztiz osatuta, oraindik hainbat hiztegi faltako dira eta.
Hiztegi entziklopedikoak diferenteak direnez —pertsona, toki, eta beste entitateen izenak ere agertzen dira horietan—, beste multzo batean sartzen dira. Labur azalduko dira artikulu honetan, gaia sakonago aztertzen baitu beste artikulu batek: euskarazko entziklopediak. Artikulu horretan, 16 dira gutxienez aipatzen direnak, eta denak dira euskara batuaren arokoak. Toki-izenak jasotzen dituzten Atlas geografikoak ere jaso dira erreferentziazko obra horien artean.
Hiztegigintzaren metodologia eta tresnak asko aldatu dira XX. mendearen bukaeratik; hitzen erabilera hobeto ezagutzeko erabil daitezkeen baliabide teknologiko berriak agertu dira, testu-corpusak, esaterako. Aro digital berriak bide berri oso onuragarriak ireki ditu, baina horrekin batera baditu bere alde ilunak ere. Hiztegigile askoren kezka nagusia da egun euskal hiztegigintza ez dela errentagarria.[2] Urteetan, euskarazko hiztegigintzaren diru-iturri nagusia paperezko aleen salmenta izan da, eta, horri esker, hiztegiak eguneratzen eta aberasten jarraitu ahal izan dute hiztegigileak. Beste arlo batzuetan gertatzen den antzera, erabiltzaileek paperezko produktuak erosteari utzi diote: paperezko hiztegien salmentak % 80ko jaitsiera izan zuen 2008tik 2023ra bitartean, hamabost urteetan, eta ez dirudi joera horrek aldaketarik izango duenik. Hortaz, hiztegien salmenta-bidea agortuta, hiztegiko eguneraketak eta egokitze-lanak egiteko finantzabide berriak topatu behar dira.[3]