Izei zuri
From Wikipedia, the free encyclopedia
Izei zuria (Abies alba) Pinaceae familiako zuhaitz hostoiraunkorra da. 50 metrorarteko altuera lor dezake eta piramide formakoa da. Hostoak orratz formakoak eta zapalak dira. Gainazaletik berde ilunak badira ere, azpialdean zuriak diren bi estoma zerrenda dituzte. Monoikoak direnez, lore eme zein arrak ale berberean daude, arrak adaburu guztian eta emeak goiko partean. Pinaburuak tenteak eta oboideak dira eta ezkatez babesturik daude; hazi hegaldunak gordetzen dituzte eta konoa heltzen denean ezkatak askatzen dira. Udaberrian loratu eta udazken berean heltzen dira pinaburuak.
Izei zuria | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Klasea | Pinopsida |
Ordena | Pinales |
Familia | Pinaceae |
Generoa | Abies |
Espeziea | Abies alba Miller
|
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | silver fir oil (en) eta silver fir wood (en) |
Europako erdialde, mendebalde eta hegoaldean banaturik dago, normalean nahiko garaiera altuetan, eta Iberiar penintsulan Pirinioetan soilik hazten da. Euskal Herriari dagokionez, Nafarroa eta Zuberoan baino ez dira topatzen espezie honen populazio naturalak, 800 - 900 metrotik gotti. Iratiko basoa espezie honen mendebaldeko muga naturala da. Gehienetan pagoarekin baso mistoak sortzen ditu eta garaiera handienetan, mendi-pinuarekin ere bai. Egurrak erretxina gutxi duenez gero, musika instrumentuak eta kaxak egiteko erabiltzen da, eta bere hostoetatik ateratzen diren olioak oso preziatuak dira bernizak eta baltsamoak egiteko. Zura biguna, arina eta erresistentea, eraikuntzan erabilia Europa Erdi eta Ekialdean. Enborretik taninoa ateratzen da, larruen ontze prozesuetan erabiltzen dena.
Bulgariako izeia (Abies borisii-regis) eta Siziliako izeia (A. nebrodensis) senideak ditu baina, aditu batzuen ustez, hauek A. alba var. acutifolia eta A. alba var. nebrodensis izeneko aldaerak besterik ez dira.