Isolatzaile termiko
From Wikipedia, the free encyclopedia
Isolatzaile termikoak erresistentzia termiko altua duten materialak dira, hau da, bero-transmisioa oztopatzeko ahalmen handia dutenak. Honegatik, eraikuntzan eta industrian erabilera asko dituzte. Eragiten duten efektuari isolamendu termiko deritzo, tenperatura ezberdineko bi inguruneren arteko bero-transmisioa oztopatzen duelako, oreka termikoa erabat motelduz.
Modu batean, material guztiak dira isolatzaile termikoak, bero-transmisioa oztopatzen dutelako, baina normalean isolatzaile gisa erabiltzen diren materialen kasuan, funtzioa betetzeko beharrezko lodiera askoz txikiagoa da. Material hauentzako izen egokiena isolatzaile termiko espezifikoa izango litzateke, non espezifikotzat joko diren eroankortasun termikoa (λ) 0.08 W/m·°C baliotik beherakoak dituzten materialak.
Ezagunak diren isolatzaile termikoen artean hoberenetako bat hutsa da, non beroa igortzeko aukera bakarra erradiazioaren erabilera den. Hala ere, oso zaila da hutsaren egoera lortzea zein mantentzea, ondorioz, oso kasu gutxitan erabiltzen da. Gehienetan hezetasun baxuko aireaz baliatzen gara, alde batetik bere eroankortasun termikoari esker kondukzio bidezko beroaren transmisioa ekiditeko gaitasuna duelako, eta beste alde batetik, duen absortzio koefiziente baxuari esker, erradiazio bidezko kondukzioa ekidin dezakeelako.
Aireak beroa konbekzio bidez transmititzen du, bere isolamendu gaitasuna murriztuz. Arrazoi horregatik, isolatzaile termiko gisa material porotsu edo zuntzezko materialak erabiltzen dira, aire lehorra immobilizatu eta hermetikoak diren gelaxketan itxita uzteko gaitasuna dutelako. Nahiz eta kasu gehienetan atxikitutako gasa aire arrunta izan, poro itxietako isolatzaileetan, hau da, elkarrekin komunikaziorik ez duten burbuilez osatutakoetan, agente apar eragile gisa erabilitako gasa barnean geratzen dena da. Beste gas batzuen konbinazioak erabiltzeko aukera dago baita, baina hauen erabilera ez dago hedatuegia.