Iruñeko historia
From Wikipedia, the free encyclopedia
Iruñeko historia abiatzen da baskoien herrixka batetik, eta hortik Pompelo[1] edo Pompaelo erromatarrera igaro zen. Musulmanen okupazioaren ondoren, lehenik Iruñeko Erresuma eta gero Nafarroako Erresuma etorri ziren. Azken hori erortzean, XVI. mendean Espainiako erregeen menpe gelditu zen Iruñea. XX. mendean hiria biziki hasi zen zabaltzen. Azken hamarkadetan mundu mailan ospe handia hartu du hiriak San Fermin jaiak direla-eta, bereziki Ernest Hemingway idazleak hauei egindako oihartzunagatik.