Higidura paraboliko
From Wikipedia, the free encyclopedia
Zinematikan, higidura parabolikoa deritzo gorputz puntual batek ibilbide parabolikoa osatzean daukan higidurari. Airera jaurtitzen diren jaurtigaien higidurari dagokio eta horregatik tiro parabolikoa edo jaurtiketa parabolikoa ere esaten zaio; izatez, jaurtigaiek benetan duten higiduraren hurbilketa da, gorputza marruskadurarik gabe dagoen ingurune batean eta eremu grabitatorio konstante batean kalkulu teorikoak eginez lortzen dena.
Higidura parabolikoa plano bertikal bateko bi norabide perpendikularretan gertatzen diren bi higidura zuzenen konposizioaz sortzen dela kontsidera daiteke: batetik, higidura zuzen uniformea norabide horizontal batean eta, bestetik, beheranzko higidura zuzen eta uniformeki azeleratua norabide bertikalean, hain zuzen ere, grabitatearen azelerazioaz. Izatez, higidura parabolikoa eredu teoriko bat da, Lurraren biraketarik kontuan hartu gabe eta atmosferako airearen marruskadurarik gabe gorputzek izango luketen higidura deskribatzeko.
Airera jaurtitako objektuek duten higiduraren hurbilketa teorikoa dela esan dezakegu. Proiektil edo pilota batek airean duen ibilbidea aztertzean, parabolaren antzeko forma duela ohartzen gara, eta horrela litzateke airearen marruskadurarik ez balego.
Lurrazaletik hurbil atmosferan gertatzen diren objektuen higidurari “tiro parabolikoa” edo “jaurtigaien ibilbide balistikoa” ere baderitzo askotan. Higidura mota hau interes handikoa izan zen garai batean arlo militarrean, kanoiek jaurtitako jaurtigaien ibilbideak kalkulatzeko erabiltzen baitzen. Hortaz, gure planetaren lurrazaletik hurbil gertatzen diren higidurak aztertzean (pilota batek edo jaurtigai batek dituztenak), zenbait hurbilketa egin daitezke eredu teorikoan, eta orduan higidura parabolikoa dutela kontsidera daiteke.
Jaurtigaiak alde batera utzita, Lurraren eremu grabitatorioan atmosferatik kanpo higitzen diren gorputzek ibilbide eliptikoak osatzen dituzte; esate baterako, horrelakoa da Lurraren inguruan biraka dabiltzan satelite artifizialen higidura, baita planetek Eguzkiaren inguruan dituztenak ere, Johannes Kepler-rek XVII. mendearen hasierann azaldu zuen bezala.
Higidura parabolikoak ezaugarri hauek ditu:
- Hasierako abiaduraren modulua eta hasierako inklinazio-angelua ezagututa, ibilbide osoa kalkula daiteke.
- Higiduraren hasierako eta amaierako puntuak altuera berean badaude, puntu horietan ibilbidearen inklinazio-angeluek balio berdinak dituzte.
- Altuera berean dauden puntuen arteko tiro parabolikoaren irismen luzeena -ko hasierako inklinazio-angeluarekin lortzen da.
- Higiduraren osagai bertikala eta osagai horizontala independenteki azter daitezke.