François Villon
From Wikipedia, the free encyclopedia
François Villon, jaiotze izena François de Montcorbier edo François des Loges (Paris, 1431 – 1463 inguruan) frantses idazlea izan zen. Frantziako lehen poeta modernotzat hartu izan da.
François Villon | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | François de Montcorbier |
Jaiotza | Paris, 1431 |
Herrialdea | Frantziako Erresuma |
Lehen hizkuntza | frantses ertaina |
Heriotza | Frantzia, 1463 (31/32 urte) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Parisko Unibertsitatea |
Hizkuntzak | frantses ertaina frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | poeta, kanta-idazlea eta idazlea |
Lantokia(k) | Paris |
Lan nabarmenak | |
Guillaume de Villon irakasleari hartu zion abizena. Bizitza abenturazalea eta gorabehera handikoa izan zuen, ondo ezagutzen zituen gaizkileen ingurunea, nola Sorbonako giroa edo apaizena. 1455ean apaiz bat hil zuen emakume batek eragindako borrokan eta Paristik ihes egin behar izan zuen. Kondena barkaturik, sei hilabete geroago Parisa itzuli zen, baina berriro alde egin zuen, lagunekin batera egindako lapurreta bat zela eta. Handik harat bere bizitza gisako gertakarietan nahasia izan zuen. 1462an urkatzera kondenatu zuten baina barkatu zioten. 1463tik aurrera ez da haren aztarnarik aurkitu.
Villonen obra hiru milaren bat ahapaldik osatua da. Bi lan nagusi ditu: Lais edo Petit Testament (1456, «Testamentu Txikia») eta Grand Testament (1462, «Testamentu Handia»), zortzikoetan idatziak biak; inportantea da halaber L'Epitaphe Villon, Ballade des pendus deitua (1463, «Urkatuen balada»), hamarrekoetan idatzia. Haren obran lirismoa eta arrunkeria, Amabirjinarekiko eraspena eta amodioa, fede sakona eta ezmoraltasun gordina nahasten dira; ahaltsuei oldartzen zaie, miseria-lagunekiko samurtasuna adierazten du eta, aldian aldian, malenkoniatsu eta isekari, gozo eta mendekari ere agertzen da.