Eskoziako historia
From Wikipedia, the free encyclopedia
Eskoziako historia Devensar glaziazioaren amaieran, duela 10.000 urte, hasi zen, lehen gizakiak egungo Eskoziara iristean. Harri Aroan, Brontze Aroan zein Burdin Aroan gizakiek jarraitu zuten bizitzen, aurkitutako tresneriak frogatzen duen bezala.
Historia idatzia, ordea, erromatarrak Britainiara iristean hasi zen. Egungo Gales eta Ingalaterra okupatu zituzten erromatarrek, Britainia probintzia zena. Hortik iparraldera, Caledonia deitzen zutena, haien mendetik kanpo geratu zen. Piktarrak edo piktoak ziren lurralde horren biztanleak, zeinen jatorria ezezaguna dugu oraindik ere.
Erdi Aroko Eskoziako historia Ingalaterraren kontrako gerrek markatu zuten. Independentzia mantentzearren, Europako hainbat botererekin lotura ekonomiko, kultural eta estrategikoak ere finkatu behar izan zituen. XVII. mendetik aurrera, Ingalaterrarekin monarka partekatuta, 1707an Batasuneko Ituna sinatu zen Britainia Handiko Erresuma sortzeko.
Ilustrazio eskoziar eta Industria Iraultzaren ostean, Eskozia Europako aitzindari intelektual eta ekonomiko bilakatu zen. Nolanahi ere, Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Eskoziako ahalmen industrialak behera egin zuen era nabarmenean. Hurrengo urteetan, berriz, Ipar Itsasoko petrolioa eta gas naturala dela eta, arnasa hartu ahal izan du berriro Eskoziako ekonomiak. Azkenean, parlamentua berreskuratu du.