Borgoinako Gerra
From Wikipedia, the free encyclopedia
Borgoinako Gerra (1474–1477) Borgoinako Dukerriaren eta Suitzako Konfederazio Zaharraren arteko gatazka izan zen. Gerran, Borgoinako dukea zen Karlos Izukaitza hirutan garaitu zuten eta, azkenean, hil, Nancyko guduan 1477an. Borgoinako Dukerria eta haren menpeko beste lur asko Frantziaren menpera pasa ziren, eta Borgoinako Herbehereak eta Franche-Comté, berriz, Karlosen alaba zen Maria Borgoinakoak jaso zituen oinordetzan, eta, haren bidez, Habsburgo etxera pasa ziren, Maximiliano I.a enperadorearekin ezkondu baitzen.
Borgoinako Gerra | |||
---|---|---|---|
Gatazkaren mapa. | |||
Data | 1474-1477 | ||
Lekua | Lorrena eta ipar-ekialdeko Suitza | ||
Emaitza | Borgoinarren porrota | ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
| |||
Borgoinako dukeek, aurreko mendean, lortu zuten bere boterea nagusitzea Erromatar Germaniar Inperio Sainduaren eta Frantziaren artean. Haien menpean zituzten, jatorrizko Franche-Comtéaz eta Borgoinako Dukerriaz gain, Flandria, Brabante eta Luxenburgo eskualde aberatsak ere. Iparraldeko eta hegoaldeko lurraldeak lotu nahian, Borgoinako dukeek politika erasokorra eraman zuten Alsazia eta Lorrena bereganatzeko. Horrek eragin zuen gatazkak izatea Frantziarekin (Borgoinak Ingalaterraren alde egin zuen Ehun Urteko Gerran), eta, Karlosen garaian, Habsburgo etxearekin.