3D inprimaketa
From Wikipedia, the free encyclopedia
3D inprimaketa teknologia ezberdinak biltzen dituen material-adizio bidezko fabrikazio-prozesua da. Fitxategi digital batetik abiatuta, objektu tridimentsional solidoak sortzeko erabiltzen da. Prozesu honetan, material jakin bateko geruzak gainezarriz osatzen da solidoa. Geruzaz-geruza materiala gehitzen da objektu osoa eraiki arte. Materialaren geruza bakoitza objektuaren sekzio horizontal mehea da. Adituek aurreikusten dutenez, teknologia honek gaur egungo komertzioan aldaketa asko ekarriko ditu. Azken finean, erabiltzaile bakoitzak bere beharrak asetzen dituen produktu propioak sortzeko aukera izango du, merkatuko pieza berria erosi beharrean.
Artikulu honek erreferentziak behar ditu. Hemen erreferentzia egiaztagarriak gehituz lagun dezakezu. |
Honezkero, 3D inprimagailuak material zein kolore desberdinetako produktuak sortzeko gai dira. Hala ere, 3D inprimagailuen garapenak jarraituko du, hauek produktu funtzionalak gauzatzera iritsi arte. 3D inprimaketak ezagun den produkzioaren mundua guztiz aldatuko du, eta bere eragina honako eremuetan nabarituko da: gaur egungo prozesuen energia-kontsumoan, xahutzen den materialaren erredukzioan, pertsonalizazioan, produktuak eskuratzeko gaitasunean, medizinan, artean, zientzian eta eraikuntzan. Fabrikazio-prozesu hau inprimaketa pertsonalaren arlora guztiz zabaldu ez den arren, gero eta jende gehiago dago makina hauetan interesatuta. Hau dela eta, inprimagailuen prezioak gutxitzen doaz, eta ondorioz, salmentak handitzen, produktua etxean duten pertsona-kopurua handituz.[1]
3D inprimaketa modu esanguratsuan sartzen ari da hainbat industriatan, eta produktuak eta osagaiak fabrikatzeko modua eraldatzen ari da. Hona hemen 3D inprimaketa industrian txertatzeko modu batzuk:
1.- Prototipatze azkarra: Industrian 3D inprimaketaren hasierako aplikazio garrantzitsuenetako bat prototipoak azkar sortzea da. Enpresek produktuen prototipoak azkarrago eta merkeago diseinatu eta ekoitz ditzakete, eta horrek garapen-prozesua bizkortzen du eta diseinu-kostuak murrizten ditu.
2.- Pertsonalizazioa: 3D inprimaketari esker, oso pertsonalizatuta eta bezeroen behar espezifikoetara egokituta dauden produktuak fabrikatzen dira. Hori bereziki baliotsua da osasunaren industrian, non gailu mediko pertsonalizatuak eta protesiak sor daitezkeen.
3.-Ordezko piezen fabrikazioa: Ordezko piezen inbentario handiak mantendu beharrean, enpresek 3D inprimaketa erabil dezakete eskariaren araberako piezak fabrikatzeko. Horrek biltegiratze-kostuak murrizten ditu eta ordezko piezen erabilgarritasuna bermatzen du beharrezkoa denean.