13/13 Sumarioa
From Wikipedia, the free encyclopedia
13/13 Sumarioa Espainiako Auzitegi Nazionalak zuzendutako prozesu judizial bat da, euskal presoen abokatuak edo preso horien elkartasun sareetan ibilitako zazpi pertsona epaitu dituena. Prozesuaren abiapuntua Guardia Zibilak Bilbon eta Donostian egindako atxiloketa eta miaketa batzuk izan ziren. Epaiketa 2021eko uztailaren 12an hasi zen[1] eta 2022ko martxoaren 31n sententzia eman zen, lau euskal auzipeturi zazpi eta hiru urte arteko espetxe zigorrak ezarriz eta beste hirurak absolbituz. Alfonso Zenon defentsako abokatuak irekita utzi zuen helegitea aurkezteko aukera. Sumarioak Ángela Murillo magistratua izan zuen epaimahaiburu, Carmen Paloma Gonzalez eta Juan Francisco Martel epaileek lagundurik.
Auzipetu batek baino gehiagok torturak salatu zituzten, testigantza gogorrak emanez, eta tortura horiek egiaztatuak izan ziren Istanbul Protokoloaren arabera. Bestalde, Demokrazia eta Giza Eskubideen Aldeko Europako Abokatuen Elkarteak (ELDHk) prozesua bertan behera uzteko erreklamatu zuen, prozeduran askotariko irregularitateak atzeman ondoren eta berme judizialak urratu zirela argudiatuta. Zuzenbideko ehun profesionalek baino gehiagok prozesuko irrigulartasunak salatzeko adierazpen bat plazaratu zuten. Prozesuan, Juan Mari Jauregi auzipetua eta Egia auzoko militante donostiarra hil zen gaitz baten ondorioz.